XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikus dezagun hurbilagotik aldi bakoitza: 1- Lehen aldian (5-6 urte) 124 idazle ditugu.

Berriak noski.

Gehien gehienak (% 89) apaizgaiak dira.

Belaunaldi komentual honentzat, saialeku aproposa izan da Jakin, eta euskal kulturarentzat idazle-harrobi oparoa.

Idazlea, gaztea da oso, ikaslea.

Laikoen kolaborazioa, lehen urte hauetan, urria izateaz aparte (% 11), hizkuntz alorrekoa da parte on batean.

2- Bigarren aldian (5-6 urte), 105 idazlek partehartzen du Jakin-en.

Horietako asko eta asko (% 69,5) lehenago Jakin-en partehartuak dira.

Ikusten denez, ba, ez debekuak eta ez ondoriozko geldiuneak sortu du etenik idazleen aldetik.

Eta, gainera, berririk ere badator; eta hauetako asko laiko eta gaztea: % 44 dira dagoeneko laikoak.

3- Hirugarren aldian (5-6 urte) idazleen kopurua jaitsi egiten da.

Jakin Sorta-ren garaian gaude.

9 zenbaki ateratzen dira denetara, bestetan baino gutiago.

Hori bateko.

Eta besteko, gaien tratamendua hagitz sakonagoa da, liburu mailakoa.

Kolaboratzaile hauetatik ia erdia (% 48) lehenago Jakin-etik pasea da.

Proportzio oso handian sartzen dira berriak (% 52), aukeraturiko gai bakoitzeko adituen bila jotzen bait du Zuzendaritzak.

Aldi honetan laikoak nagusitzen dira idazle mailan, % 69rekin.

Bere ingurunea zabaldu egiten du Jakin-ek.

4- Laugarren aldi hau (5 urte) arras bestelakoa da alde guztietatik.

Jende askok eskuhartzen du (133), eta, gainera, idazle horietako asko berriak dira Jakin-en orrietan (% 76,5).

Idazle asko eta berriak zergatik?.

Idazle berrion ugaltasunaren arrazoia honetan datzake: espezialisten lankidetza bilatzen du bere dossierretan orain Jakin-ek, betiko euskal idazleena baino gehiago.

Laiko / apaiz dikotomiak ez du zentzurik oraingo aldizkarian, ez planteamendu mailan eta ez lankidetzarenean.

Lankide laikoen partehartzea % 83,5 izan da azken bost urteotan, hasiera batetako proportzioak itzulipurdikatu egin direlarik.

Horra hor datua.

Eta, gainera, hau: 1975 aldera, euskal idazlegoan apaiz-jendearen hainbatekoa % 39 bueltan kalkulatzen zen.

Bai orduan (% 31) eta batez ere orain (% 16,5) batezbesteko horren oso azpitik dabil Jakin-ekoa.

Eta amaitzeko, azken puntu bat, iruzkin luzeagoa beharko balu ere, oraingoz aipatze hutsarekin utzi beharko duguna.

Idazle-sorleku izan da Jakin.

Ugari dira bere lehen artikulua Jakin-en argitara eman duten idazleak.

Idazle-bataioa Jakin-en hartu eta gero pasa dira hauek beste alor eta eginkizunetara.

Orain bertan ere betetzen du Jakin-ek funtzio hau, baina orain baino lehen askozaz gehiago: 30-45 urte bitarte horretako idazleetan bada makina bat bere lehen urratsak Jakin-en eman dituenik! Zenbat?.

Nekez eman dezakegu orain kopuru zehatzik, idazleen lehen pausoen berri zehatzak inguratzea lan gaitza bait da, baina seguru gaude izen-lerrokada bikaina osa genezakeela Jakin-en idazten hasitako guztiak batabestearen ondoan bilduz.